2013/01/03

Plentzian GAZTETXEA dute!!!


Lokal berria okupatuta, “herri osoari zabalik egongo den proiektu kultural, sozial eta parte hartzailea” abiarazi dute Plentzia eta Gorlizko zenbait gaztek. Udaleko arduraduren hitzak “haizeak eramaten dituela” salatu dute, ez baitute jaso haiekin izandako elkarrizketetan hitz egindakoaren inguruko erantzunik. Gogorarazi dute, baita, oraindik ez dela kaleratu honen aurrekoa izandako Ermitatze Gaztetxean identifikatutako gazteen aurkako epaiketaren sententzia.
Okupazioa gauzatu duten gazteen oharra:
plentzia_gorliz_okupazioa1Udatik hona, beste izaera bateko egitasmoetara bideratu ditugu geure indarrak.
Batzuk barne eztabaidan egon gara, beste batzuk ZukGua prozesuaren baitan murgilduta. Bien bitartean, gazteok batu eta kalera ateratzeko gaitasuna izan dugu, egoerak hala eskatuta: Ermitatze Gaztetxearen aurkako epaketari aurre egiteko edo irailaren 26ko greba orokorraren harira, herriko gazteok gure etorkizunaren defentsan burutu genituen ekimen eta ekarpen desberdinetan parte hartuz.
Emankorra izan da azken urteotako Plentzia eta Gorlizko gazte mugimenduaren ibilbidea; gazte mugimenduaren jaiotzarekin batera ulertu genituen helduen mundu horrek sortzen zizkigun arazoak. Horrei aurre egiteko, gazteon arteko harremanak bultzatu genituen, jai herrikoiekin beste aisialdi eredu bat izan genuen helburu. Bide horretan, gure proiektu desberdinak aurrera eramateko leku aske baten beharrak eta udaletxeen horrelako gune bat bermatzeko borondate ezak, Ermitatze Gaztetxea okupatzera eraman gintuen.
Lan eta garaipen hauekin batera etorri zen mota desberdineko errepresio, debekuak eta epaiketa, gauzak ondo egiten ari ginenaren seinale! Ez dute gazteria kontziente, aktibo eta kritikorik nahi eta haien sistema ustel zein zapaltzailea zalantzan jartzen duen edozein egitasmok urduri jartzen ditu. Horregatik kolpatzen gaituzte!
Baina, bide honek amaiera izan ez dezan, eta ereindako hezien uzta jaso ahal izateko, beharrezkoa izango da gure herritik eraginda mundu hau eraldatu nahi dugun gazte guztiok batera eta proiektu komun bati ekarpena egiten lan egitea, bakoitzak bere eremutik. Baina, bereziki garrantzitsua da lehentasunezko arazoei batuta erantzuteko gaitasuna sortu eta artikulatzea.
Norantza horretan lehen geldialdia, gazte guztion inplikazioa eskatzen duena, Gaztetxearen afera da. Ez ditugu berriro Gaztetxearen aldeko arrazoi eta argudioak zerrendatuko, soberan ezagunak dira gure herrietan. Eta, gainera, ez dugu inor konbentzitu behar, Ermitatze Gaztetxearen esperientziak zein herriko gazte gehienek proiektu honekin bat egiteak ematen baitigu zilegitasuna.
Egoera adierazgarria da: herriko gazteok kale gorrian gaude, ez daukagu biltzeko tokirik eta gainera bai Gorlizek zein Plentziak dituen kultur guneetan (Goñi Portal zein Sertutxena) biltzeko oztopoak besterik ez dizkigute jartzen (burutuko diren jardueren gaineko kontrola edo ordaindu behar izatea). Hau da, gazteok ez daukagu propioki gune bat guretzat eta dauden egitura publiko urrietan erabilera mugatu edo oztopatzen digute.
Jadanik ez digu balio udaletxeak lokalik ez daukala esateak, aurten Kristoko ermita eskatu ostean beste elkarte bateri eman baitio, eta orain aspaldian agindu zigun lokal hau (Ontzi gela) enpresa pribatu bati eman nahi baitio, gazteoi beste behin ere iruzur eginda.
Horregatik, herriko gazteok, badakigunez zuen hitzak haizeak eramaten dituela, Ontzi gela okupatu dugu, herri osoari zabalik egongo den proiektu kultural, sozial eta parte hartzaile bat abiaraziz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario