UKBERRI.NET-etetik erantsita.
Itzubaltzeta
/ Romoko ehun bat auzokidek eta kultur, jende eta kirol talde ezberdinetako
kideek agerraldia egin dute gaur arratsaldean Branka kultur elkartearen eta
Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetako jai batzordearen presidenteei elkartasuna eta
babesa emateko. Izan ere, datorren abenduaren 10ean Espainiako Auzitegi
Nazionalean burutuko da bi elkarteen presidenteen aurkako epaiketa, 2011ko
jai-liburuxkan Branka kultur elkarteak bere iragarkian elkarte horretako bi
kide presoen argazkiak ipintzeagatik. Bakoitzari 18 hilabeteko espetxe zigorra
jartzea eskatu du fiskalak, "terrorismoaren goratzea" egotzita. Edu
Sebastian eta Joseba Lekunberri jai batzordeko eta Brankako kideek auzia
"zentzugabekeria eta adierazpen askatasunaren aurkako eraso argitzat"
jo dute eta epaiketa berehala bertan behera uzteko exijitu dute. Bitartean,
manifestazio isila deitu dute iganderako, abenduak 9, 13:00etan Itzubaltzeta /
Romoko Santa Eugenia plazatik.
Auziperatutako
Josu Iturburu eta Jagoba Agirrek dagoeneko jaso dituzte mila auzokideren eta
makina bat elkarteren babesa. Hala nola, Getxoko Udalbatza (EAJ eta Bilduren
botoz), Alternatiba, Eusko Alkartasuna, Ezker Abertzalea, Getxoko Bildu,
Bilboko Konpartsak, Santa Anako jai batzordea, Algortako jai batzordea, Betiko
ikastolako batzordea, Zasi Eskola dantza taldea, Erromotarrak areto futbola,
PTPren aurkako batzordea, Itzubaltzetako Emakumeen Asanblada, Gazte Asanblada,
Erromoko Hintxak, Herri Norte Taldea, Herrira, Ukberri eta Erromoko koadrilak.
Auzokideek
zabaldutako oharra
Bi auzokide
epaituko dituzte Auzitegi Nazionalean
Abenduaren
10ean Itzubaltzeta / Romoko bi auzokide epaituko dituzte Espainiako Auzitegi
Nazionalean, terrorismoa goratzea delitua egotzita.
Bi auzokideen
aurkako jazarpena 2011ko Itzubaltzetako festen testuinguruan hasi zen, jaietako
liburuxkan Branka kultur elkarteak urtero jartzen duen iragarkian elkarte
horretako bi kide presoen argazkiak ipintzeagatik. Josu Iturburu eta Jagoba
Agirre epaituko ditu magistratuak. Josu Branka kultur elkarteko presidente gisa,
bazkide presoen argazkiak jartzearen arduradun izateagatik eta Jagoba Erromoko
jai batzordeko presidente gisa, festetako liburuxka argitaratzeagatik.
2012ko
urtarrilean eta apirilean, hurrenez hurren, Jagobak eta Josuk Auzitegi
Nazionalean deklaratu behar izan zuten, inputatu gisa, eta handik gutxira
fiskalak 18 hilabeteko espetxe-zigor eskaera egin zuen bakoitzarentzat.
Izapide
guztiak burututa, abenduaren 10ean bi auzokideek akusatuen aulkian eseri
beharko dute, epaiketari hasiera emateko.
Egoera horren
aurrean, ideologia eta jatorri desberdineko auzokideok, Josu eta Jagobaren
aurkako, eta ondorioz Branka kultur elkarteari eta Erromoko jai batzordeari
eragiten dien erasoaren aurrean gure gaitzespen irmoena adierazten dugu eta bi
auzokideen aurkako epaiketa berehala bertan behera uzteko exijitzen dugu.
Branka kultur
elkarteak une horretan preso zeuden bi bazkideren argazkiak jaietako liburuxkan
jartzeagatik inoren kontra 18 hilabeteko espetxe-zigorra eskatzea
zentzugabekeria eta adierazpen askatasunaren aurkako eraso argia baino ez da.
Gisa honetako eskubide urraketek ez dute kabidarik, eta are gutxiago Euskal
Herrian zabaltzen ari den aro berri eta itxaropentsuaren aurrean. Horregatik,
bi auzokideei gure elkartasuna eta babesa eskaintzen diegu.
Zentzu
horretan, auzoko eragile, elkarte, talde eta norbanakoen atxikimendu kanpaina
bat abiatu dugu Madrilerako bidean ahalik eta auzotar gehienen berotasun eta
sostengua izan dezaten.
Ildo
horretan, Itzubaltzeta / Romoko mila auzokidek baino gehiagok sinatu du aipatu
atxikimendua eta auzoko eta inguruetako makina bat elkarteren babesa jaso dugu.
Hala nola, Santa Anako jai batzordea, Algortako jai batzordea, Bilboko
Konpartsak, Betiko ikastolako batzordea, Zasi Eskola dantza taldea,
Erromotarrak areto futbola, PTPren aurkako batzordea, Itzubaltzetako Emakumeen
Asanblada, Gazte Asanblada, Erromoko Hintxak, Herri Norte Taldea, Herrira,
Ukberri, Erromoko koadrilak, Alternatiba, Eusko Alkartasuna, Ezker Abertzalea,
Getxoko Bildu, eta aipamen berezia egin behar diogu Getxoko Udaleko azken
bilkuran EAJ eta Bilduren aldeko botoz onarturiko mozioari.
Beste barik,
zure inplikazioaz horrelako beste gertaerarik ez errepikatzeko asmoz,
aipatutako bi deialdietan elkar ikustea espero dugu:
• Abenduak 9,
13:00etan, Manifestazio isila Santa Eugenia plazatik.
• Abenduak
10, 20:00etan, Josu eta Jagobari harrera Santa Eugenian epaiketatik bueltan.
No hay comentarios:
Publicar un comentario